Bizibira, hirugarrenez

Irailaren 27an, arratsaldez, Ibarra eta Tolosako ikastetxeak lotzen dituen hirugarren bizikleta bira ospatu zen eta, bertan, ikastetxeetara eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletaz, garraio publikoz, kotxea partekatuz edo era jasangarrian egiten dituzten irakasleak saritu zituzten. Oinez eta Bizikletaz segurtasunez ibiltzea garrantsitsua dela azpimarratu dugu, baita mugikortasun jasangarria sustatzea ere.

Alde batetik, mugitzeko bi modu horiek gure osasunean, ingurunean eta ekonomian eragin positiboa dutela esan dezakegu. Europar Batasunak hiru alderdi horietan azpimarra jartzen duen bezala, udal politikek ere bizikletaren erabileran eragin nahi dute. Gure eskualdean gero eta udal gehiago ohartu da herrian eta herrien artean autoaren erabilera gutxitzeko neurriak hartu beharraz, eta diru-laguntzak jasotzen dituzte horretarako; oinezkoentzat zein bizikletentzat bideak egokitzeko eta aparkaleku sareak hobetzeko, esaterako.

Gipuzkoako Bizikletaren behatokiak dio, 2015eko azken datuen arabera, lurralde mailan ohiko erabilerarako bidegorriaren erabilera %29tik %38ra igo dela. Azpimarratu beharra dago, gainera, Gipuzkoa mailan hobekien baloratutako bidea Zizurkil-Asteasu bidegorria dela. Horrez gainera, azken urteetan ere Tolosaldean bidegorri sarea osatzeko lanetan ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, oraindik zati batzuk eraikitzea falta den arren.

Ikastolara bizikletan etorri ohi gara ikasle eta langile asko; jarrai dezagun bada gure osasuna, ingurunea eta ekonomia zaintzen!