DBH 1eko ikasleak, Kanbon

Abenduaren 18tik 20ra DBH 1eko ikasleak Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioan izan dira, urtero egiten dugun trukearen baitan. Truke honek garrantzi handiko helburuak ditu, besteak beste, honako hauek:

  • Euskararen erabilpena indartzea: euskararen egoera soziolinguistiko minorizatuaren kontzientzia hartzea, adin berekoen artean euskaraz komunikatzea, hizkuntzaren garrantziaz ohartaraztea, eta erabilpenerako motibatzea.
  • Euskal Herriaren ezagutza sakontzea: gure herriaren beste eskualde bat ezagutzea, Euskal Herriaren aniztasuna agerian ezartzea (euskalkia, geografia, bizi modua, ekonomia….).
  • Harremanak lantzea: beste ikastola bateko adin bereko gazteekin harremanak izatea, elkar ezagutzea, ongi pasatzea.

 

Hiru egunez, eskola orduetan, hainbat ekintza egin dituzte gazteek: pista jokoa, frontoian pilotak eskuz egitea, lehiaketak, marrazkia, bertsolaritza... Harreman politak sortu dira eta ikasleak oso inplikatuta ikusi ditugu. Apirila noiz helduko zain izango dira guztiak, orduan etorriko baitira Xalbador kolegioko gazteak gure artera!