Elkartasun Kutxa ia 900.000 euro

Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusia egin zen da Hernanin. Xede bakar bat zuten batzartutako kooperatibistek: premiarik handiena duten ikastolei laguntzea. 872.000 euro banatu dituzte eskaera egin duten ikastolen artean. Berriro ere agerian geratu da kooperatiben balio nagusietakoa: gizarte ekintzarena

Sortze fasean, garapen fasean edota krisian den ikastolak aurrera egin dezan, gainerako ikastolek egiten dugun elkartasun adierazpena da Elkartasun Kutxa. Urtero, 800.000 eurotik gora jartzen dituzte ikastola guztiek, eta diru hori banatzen dute euren artetik gehien behar duten ikastolen artean. Horrela, euren kabuz aurrera egiterik izango ez zuketen, edo nekez egingo zuketen proiektuek, ikastola guztien bultzada jasotzen dute.

Kooperatiben balio nagusietakoa da gizarte ekimena, gizarte ekarpena. Ezaugarri hori ikastoletan txertaturik dago barreneraino, eta halaxe jarri da agerian gaur, Hernaniko Orona Ideon, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak egin duen Batzar Nagusian. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek Elkartasun Ikastolei egindako ekarpen ekonomikoa beharrik handiena duten ikastolen artean banatu dute, beste behin ere. 1990.eko hamarkadan Elkartasun Kutxa sortu zuten xede horretarako; hamarkada honetan Europar Kooperatiba bilakatu zen, Elkartasun Ikastolak izena hartuz. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek osatzen dute, baita ere, Elkartasun Ikastolak.

Diru hori, noski, ez da ezerezetik atera. Aitzitik, ikastolen sareko 56.860 ikasleen gurasoek ordaintzen dituzten kuotetatik irten da, Elkartasun Ikastoletako lehendakari Koldo Tellituk azpimarratu duenez.

Elkartasun ekintza handia da gaurkoa, Tellituren arabera: “Elkartasun adierazpen handia da, bai; gurea proiektu nazionala delako, kooperatiba garelako, ikastola bakoitza ikastola mugimenduaren, Ikastola proiektuaren eta Ikastola ereduaren tokiko adierazpena delako”.

Ikastolek euren buruari eskaini zioten tresna eraginkor honen bitartez, hainbat proiektu aurrera atera dira, eta gaur egun proiektu sendo eta osasuntsuak dira. Horren azken adibidea da Harrobia ikastola. 2006an sortua, urteotan Elkartasun Ikastolen laguntza jaso du, eta gaur da eguna proiektu sendoa dena eta etorkizun handia duena Bilbon Lanbide Heziketa euskaldunaren erreferente izateko. Iazko batzarrean azkeneko aldiz eman zitzaion laguntza. Aurten, jada ez du beharrik, eta ikastola gehienak bezala, dirua jasotzera ez, dirua ematera joan da Batzar Nagusira.

Honela banatu dira 2019. urterako laguntzak:

Elkartasun Ikastolak: 2019. urterako laguntzak

IKASTOLA                                           HERRIA                                LAGUNTZA

Manex Erdozaintzi Etxart                   Larzabale                             200.000 euro

Ikastolen Etxea                                   Kanbo                                   46.272 euro

Argia ikastola                                      Tutera                                   93.000 euro

Ibaialde ikastola                                  Lodosa                               103.000 euro

Bastida ikastola                                   Bastida                                33.000 euro

Lautada ikastola                                   Agurain                               91.000 euro

Argantzon ikastola                              Argantzun                          100.203 euro

Uzturpe ikastola                                   Ibarra                                 123.000 euro

Andramendi ikastola                           Beasain                               82.605 euro (mailegua)