Euskararen eguna, abenduak 3.

Ikastola osatzen dugun 16 urtetik gorako ikasleak, gurasoak, irakasleak eta bestelako langileak bete-betean aritu gara Euskaraldian. Euskararen erabileran hobetzea izanik ekimenaren helburua, argi dago, gure xede nagusienarekin bat egiten duela.

Dena dela, gure komunitatean 16 urtetik beherako jende asko daukagu eta haiek ere Euskaraldiaren protagonistak bihurtu nahi genituen. Horrenbestez, hura hauspotu nahian aritu gara. Horrela, beste ekintzen artean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak gelak zein pasabideak apaintzeko “Ahobiziak” eta “Belarriprestak” margotu dituzte. Horretaz gainera, DBHko ikasleek Euskaraldian parte hartzeko gonbitea eginez rap batzuk sortu eta bideoklipak grabatu  dituzte. (KLIKATU HEMEN ETA IKUSI ADIBIDE BAT!)

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean eta Argitxoren urtebetetze egunean, hain zuzen ere, eman diogu bukaera Euskaraldiari eta hasiera beti euskaraz bizitzeko gure nahiari. Festa polita antolatu dugu guretzat hain berezia den eguna ospatzeko;  izan da musika, lehiaketa, irratsaioa, ipuin kontaketa, dantza, hamaiketakoa...

Gurean, Euskararen Eguna mugimendu eguna izan ohi da. Mugimendua, ordea, ez da egun horretara mugatzen; aurreko egunetan ikasleen joan-etorriak  handiak izaten dira, beraiek baitira eguneko gidari eta protagonista.

Egitarauak egitarau, aurtengoan esker mezua zabaldu nahi dugu lau haizeetara: eskerrik asko DBHko ikasleei Euskaraldia gaitzat hartuta egin dituzten bideoklipengatik. Eskerrik asko txarangako partaideei, inguruan horrelako alaitasuna zabaltzeagatik. Eskerrik asko Batxiler 1eko eta 2ko dantzariei. Eskerrik asko irratsaio-gidariei eta geletan laguntzaile ibili direnei. Eskerrik asko ipuin kontalariei. Eskerrik asko, nola ez, DBH 4Bko ikasleei, hamaiketakoaz arduratzeagatik. Hitz batean esanda, eskerrik asko guztioi horrelako egunak posible egiteagatik.

Bizi gaitezen urte guztian euskaraz!!!