Unax Olano Arozenak saria jaso zuen Gasteizen

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak XVII. Eduardo Chillida Matematika Olinpiadaren sariak banatu zituen pasa den ostiralean, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu zen ekitaldian.

Matematikaren ezaguera gizarteratzea helburu du lehiaketa horrek eta bertan problemak ebatzi behar izan dituzte ikasleek; sormena, erabakiak hartzeko gaitasuna, pentsaera dibergentea eta egoera berriei aurre egiteko trebezia lantzen dira, ez-ohiko problemak ebazteko ahalmena sustatzeaz gainera.

2019ko edizioan, Euskadiko 105 ikastetxetako 3.000 ikasle inguruk hartu dute parte, denak DBHko 2. mailako ikasleak. Finala maiatzaren 11an burutu zen, hiru hiriburuetan, eta 259 neska-mutil lehiatu ziren. Olinpiadan puntuaziorik altuena eskuratu duten 12 ikasleek dagozkien sariak jaso dituzte. Unax gurasoekin bertaratu zen ekitaldira, baita matematiko irakaslearekin eta tutorearekin ere.