Ikasle trukeak

HIZKUNTZAK BETIDANIK IZAN DU GARRANTZI HANDIA IKASTOLONTZAT.

Ezin ahaztu sortze beretik  izan duten helburua: euskaraz irakasteaz gain euskara irakastea eta bultzatzea. Alabaina, gizarteak azken urteotan izan duen garapenarekin bat eginik, ikaslearen arrakasta xede, atzerriko hizkuntzak era esanguratsuan ikasteak ere garrantzi handia hartu du curriculumaren baitan. Laskorain ikastolak ardatz horren ingurumarian  txertatua du bere Hezkuntza Proiektua eta, haren garapena oparoa izan dadin, Hizkuntza Proiektuaren baitan hainbat ekimen jarriak ditu abian. Horien artean leku berezia hartzen dute ikasle trukeek.

ERASMUS+

File:Erasmus+ Logo.svg - Wikimedia Commons

Europako Parlamentuak diruz lagundutako egitasmoa da Erasmus+.

2015ean hasi zen Laskorain ikastola lanean Sardiniako (Italia) eta Flandriako (Belgika) erakundeekin proiektu hori garatu ahal izateko dirulaguntza eskuratzeko asmoz. Ingelesa, IKT eta Euskarako mintegiak aritu ziren elkarlanean 2015-2017 ikasturteetan Batxilerreko ikasleei ekimen interesgarri bezain lehiakor hau eskaintzeko moduan izateko.

2019tik 2023ra bitarte, bestalde, beste 5 ikastetxerekin elkartu eta beste Erasmus+ proiektu batean murgildu gara. Europan historian zehar emandako giza eskubideen urraketa aztertzea du helburu eta, maila lokal, nazional eta Europarrean gai hori jorratzen ari dira ikasleak.

Informazio gehiago Erasmus+ egitasmoari eskainitako orrian duzue.

 

Humaniora Kindsheid Jesu  - Laskorain

2015/16 eta 2016/17 ikasturteetan Laskorain ikastola hizkuntza gutxituen inguruko Erasmus+ proiektu baten murgilduta egon zen. Proiektu horretan Flandria eta Sardiniako bi eskolekin elkarlanean aritu ziren Batxilergoko lehen mailako ikasle guztiak, eta horietako 48k Sardiniara eta Flandriara joateko aukera izan zuten. Laskorain ikastolak elkartrukeek duten onurengan sinesten duelako eta ikasturte horietan parte hartu duen Flandriako eskolak erakutsi zuen prestutasuna ikusita, aurrerantzean ere elkartrukearekin aurrera egitea erabaki zuen ikastolak.

Humaniora Kindshed Jesuk, Hasselt hirian kokatzen den Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, Nazioarteko elkartrukeetan eskarmentu handia du eta ingelesa praktikatzeko eta beste kultura batzuk gertutik ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du. Haiekin elkarlanean, trukea antolatzen dugu urtero. Alde batetik, flandriarrak gure etxeetara etorri ohi dira eta, bestetik, gu haienera joaten gara. Hasselt hiria bisitatzeaz gain, inguruko toki garrantzitsuenak bisitatzeko aukera ere izaten dugu, besteak beste Leuven, Bruselas edo Europar Parlamentua. Egonaldiek iraun bitartean, elkarrekin lan egiten dute ikasleek.

 

 

 

Xalbador Kolegioa - Laskorain

Hainbat urte pasa dira Kanboko Xalbador (Kanbo) kolegioko eta Laskorain ikastolako DBH lehen mailako ikasleen artean hiru eguneko trukea egiten dugula: batetik, gure ikasleek Iparraldea ezagutzeko parada izaten dute, eta,  bestetik, haiek Hegoaldea ezagutzekoa.

Truke honetan, bistan da, helburu linguistikoekin batera, badirela kulturari loturikoak ere. Honela, euskararen hizkera molde desberdinak entzuteko aukerarekin batera, beste herrialde bateko bizimoldea ezagutzekoa ere izan ohi dute gaztetxo hauek.

Horrekin batera, euskararen egoera soziolinguistiko minorizatuaren kontzientzia hartzeko ere esperientzia paregabea izan ohi da. Gure ikasleak, ohiko ingurunetik atera eta ohartzen dira eurentzat hain naturala den euskaraz bizitzea ez dela homogeneoa lurralde guztietan. Zentzu horretan, ikastolan curriculumaren baitan eta, bereziki, Euskaraz Bizi proiektuan egiten den lana zentzatu egiten da gaztetxo hauengan. Iparraldeko ikasleek ere ateratzen diote etekinik esperientzia honi. Haietariko zenbaitzuentzat biziki esanguratsua izaten da zinez euskaraz bizi diren gazteak badirela ikustea eta Euskal Herrian euskaraz bizitzea zilegi den ingurunerik badela ezagutzea. Horrenbestez, bistakoa da bi lurraldeetako ikasleak onuradun ateratzen direla truke honetan.

Informazio gehiago hemen >>.

Diwan Ar Releg - Laskorain

2004/2005 ikasturtean hasi zen truke hau Laskorain ikastolan frantsesa ikasten duten ikasleen eta Brest ondoko (Bretainia) Diwan Ar Releg-en gaztelera ikasten dutenen artean. Proiektu honen helburua hizkuntza bera lantzeaz gain, kultura eta ohitura desberdinak ezagutzea ere bada. Horretarako, egonaldia familietan gauzatzea aukera aparta bihurtzen da, eta, aldi berean, jatorrizko hizkuntza minorizatua duten bi herri izanik, euren arteko elkarbizitza sustatzeaz gainera, hizkuntzaren berreskuratze prozesuan ematen ari diren urratsak  partekatzeko parada ematen da.

Bretoiekin garatzen dugun truke honetan, bizipena aberatsa suertatzen da bai ikasleentzat eta baita irakasleentzat ere. Izan ere, gure ikasleek ahalegin berezia egiten dute gazte bretoiei adierazten azken 30 urte hauetan euskararen berreskuratze prozesuan mugarri izan diren urratsak zein izan diren, ondotik haiek ere euren hizkuntzaren berreskuratzean jarrera aktiboa har dezaten. Izan ere, euskararen biziberritzeko esperientzia, neurri handi batean, eredugarri ere bada eta ideia hori adierazten saiatzen dira. Bide batez, gazte hauek curriculumean ikasitako kontzeptuak beste herrialde batzuetara transferigarriak direla frogatzen dute. Alegia, edozein hizkuntzaren berreskuratze prozesua hiztunaren jarrera aktibatzetik hasten dela eta hura erdiesteko hiztun komunitatearen elkar hartzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Trukearen bloga hemen >>

Charleville-Mezières - Laskorain

2019/2020 ikasturtean  eman zitzaion hasiera Tolosako hiru ikastetxeen eta Charleville-Mezièresko biren arteko ikasle trukeari. Ekimen hau bi herrietako udalek elkarrekin sinatua duten senidetze hitzarmenaren testuinguruan kokatzen da eta helburua da, frantsesa eta gaztelera ikasten duten gazteak harremanetan jarriz, ikastea helburu duten hizkuntzaren ezagutzan aurrerapen esanguratsurik egiteko aukera ematea.

Charleville-Mezières Frantzia ipar ekialdeko Ardenak departamenduaren hiriburua eta gainontzeko trukeetan gertatzen den bezala, gazteek aukera dute, astebetez, frantsesa praktikatzeko ez ezik bertako kultura ezagutzeko ere. Horretaz gainera, ekimenak balio du, zalantzarik gabe, Tolosako gazteen artean harremanak sustatzeko.

Udalen babesean antolatu dugun truke hau, bistan da, ekarpen garrantzitsua dela Batxilergoan frantsesa ikasten jarraitu nahi duen ikaslearentzat, besteak beste: ikasleak berak ikastolaren bidez egiten duen lehen ezagutza horri etekina atera diezaiokeelako ezagututako familia horietan, egonaldi luzeagoak antolatuz.

Ikasleek eta irakasleok egin balorazioak bikainak izan dira. Ikasturte askotan jarraitzeko aukera izango ahal dugu!!