Ikasketen aukeraketa egiten laguntzeko saioak

 

Datorren ikasturtean hasiko dituzten ikasketak aukeratzeko laguntzeko, Batxilergoko ikasleek hainbat saio izaten dituzte urtean zehar, informazio iturri desberdinak baliatuz. Aurreko astean ekimen berri bat izan zuten: lan eremu desberdinetako profesionalak mahai inguru baten bueltan elkartu eta lehen pertsonan kontatutako bizi eta lan esperientzia entzutekoa aukera ematea. Helburua informazio zuzena ematea zen, lanbide bakoitzean “zertan aritzen diren” jakitea. Hauek izan ziren partaideak: Beatriz Ezeiza (psikopedagogia, aholkularitza), Iñaki Olaetxea (enpresa kudeaketa, banketxeko lana), Gorka Otaegi eta Itzea Urkizu (komunikazioa), Igor Urkiola (enpresa mundua eta lanbide heziketa), Irene Irurzun, Txoan Ormazabal eta Teresa Mendinueta (osasun arloa), Endika Arandia (fisikaria) eta Laura Goikoetxea (filologoa). Ibilbide akademiko eta profesionala azaldu zuten ikasleen aurrean: nola erabaki zuten, espero zutena aurkitu al zuten, erraz topatu al duten lana, bat al datorren ikasitakoarekin, zertan ari diren ikaskideak, egun arruntaren azalpena, ezagutzen ez dutenen uste okerrak… Balorazio bikaina egin dute saioan parte hartu duten bi aldeek: partaideek oso ondo baloratu dute gazteengandik jasotako estimua eta haiek guztiz baliagarritzat jo dute eskarmentua dutenengandik jasotako kontaketa.