Kazkabarrakin Kostako ibilaldia

“Nola sartuko ote zait hau dena motxilan?”. Oinetakoak, euritakoa, kamisetak, txamarra, lo zakua… Zenbat traste!?!?! Bagenuen hala ere motxilan toki gehiago okupatzen zuen zerbait; 4 egunez gure kostaldeko txokoak umorez ezagutzeko gogoa. Eta a zer nolako 4 egun… Donostiatik abitu eta Mutrikura. Eguzkia une oro bidelagun, aldapan gora eta behera pausorik pauso. 38 lagun eta furgoneta bat (bizkarretik ikaragarrizko pisua kendu digun furgoneta, kar kar kar).

Fruitu lehor, nutela eta atun + mahonesa ogitartekoaren maitale izan gara, bai eta Orioko portaletako zenbakien kolore horiaren zergatiaren jakitun. Karramarro ere bilakatu gara; ez soilik Zumaiako flysh-ean izkira bila aritu ginelako, geure gorputzeko atalen gorritasunak aftersuna eskatzen zutelako baizik. Gautxori lanetan ere aritu dira batzuk, gauez parrandan eta egunez erdi lo. Pentsa geografiaz zenbat ikasi dugun baten batek Azpeitia Tolosaldean kokatu zuela…

Hanketako minek, zenbat geratzen ote zen mila aldiz galdetzeak… indarra galtzen zuten helmugara iristen ginean. Jolasteko garaia heltzen zen edo lasai gitarraren laguntzaz kantari aritzekoa… Horrelako beste irteera baten zai gelditzen gara. Hurrengoa iritsi arteko denbora jolasa bilakatzen badugu?