Baratza proiektua

Baratza proiektuari ekiteko, lehenik eta behin, ikastolan dauden lorontzi handietan dauden hildako zuhaitzak kendu dituzte. Ondoren, hainbat barazki eta udaberriko landare landatu dituzte. Marrubiak, tomateak, babarrunak, porruak, tipulak, letxugak, patatak eta lore batzuk, besteak beste. Hauek hazi daitezen, behar duten zainketa egiten ahalegintzen dira. Jakina, ondo ureztatzeaz ere arduratzen dira. Lorontzi handiez gain, birziklatutako paleak lijatu eta margotuta ere lorontzi oso bereziak sortu dituzte. Proiektu hau, ordea, ez da hor bukatuko. Izan ere, txorimalo bat egin nahi dute gerturatu daitezkeen txoriak uxatzeko. Orain pentsatu egin beharko dute zer material behar duten txorimaloa egiteko, nola egingo duten...

Proiektu honekin hainbat ezagutza barneratzen ari dira. Naturak gure ingurunean duen garrantzia, baratza baten zaintzan zer egin behar den, landareak landatzeko zein pauso jarraitu behar diren, nola kalkulatu lorontzien bolumena, zein material behar den… Honekin guztiarekin, eguneroko bat egiten ari dira eta bakoitzak zer egiten ari den adierazten du bertan. Horrez gain, gaiari lotutako abestiak eta dantzak ere ikasi dituzte.

Proiektu honekin haurraren gozamena eta ongizatea bilatu nahi ditugu. Erakusten ari diren jarrera eta interesa ikusita, argi dago, bide onetik goazela.