Tximeletak proiektua

HH4eko ikasleak buru belarri dabiltza Tximeletak proiektuarekin.

Proiektu honi hasiera emateko, irakasleek, har bat ekarri dute gelara eta harrak jasaten duen metamorfosia ikusteko aukera izan dute. Modu honetan, haurren interesa piztea izan dute helburu.

Abiapuntu horretatik aurrera, lanketa oso polita gauzatzen ari dira.  Ekintza eta jarduera ezberdinak tximeleten mundua hobeto ezagutzeko. Besteak beste, tximeleten metamorfosia ezagutzeko ipuin (Hery una oruga común, La mariposa glotona,  Beldar gosetia…) eta bideoak ikusi dituzte.

Tximeletaren txokoa ere sortu dute gelan proiektuko materiala biltzen joateko. Bai gelan sortutakoak, baita etxetik ekarritakoak biltzeko ere (ipuinak, tximeleta disekatuak…). Tximeletaren horma-irudi bat ere egin dute, eta jakina, animalia honen inguruko abesti, olerki eta igarkizunak ikasteko aukera ere izan dute gure neska-mutilek Tximeleta esateko dauden beste modu batzuk ere ezagutu dituzte, gaueko eta eguneko tximeletak ikusi, konparatu eta sailkatu ere egin dituzte.

Geletan dauzkaten harrak zaintzeko hostoen bila ere atera dira haurrak. Eta hostoak harrak elikatzeko erabiltzeaz gain, lehortu eta eskulanak egiteko ere aprobetxatu dituzte. Tximeletak ere errepresentatu dituzte material ezberdinekin; kartulinan, plastilinarekin…

Gai honek ere ekarri ditu gurasoak gelara eta ipuinak kontatu dituzte, loren inguruko azalpenak eman dituzte…

Egindako guztia argazkitan bildu dute eta ondoren, bakoitzaren azalpena idatzi eta proiektuko txokoan zintzilikatu dituzte.

Fin fin ari dira lanean ikastolako artista hauek! Gauza berriak ezagutzeko irrika ikaragarria erakusten ari dira HH4ko ikasleak. Ikusgarria benetan gozatuz lantzen eta ikasten ari diren guztia!