Eraikinaren irekiera ofiziala

Irailaren 7an ikasle eta familientzako klaseak hasi ondoren, iraileko hiru ostiraletan eraikinaren ateak ireki genituen bertaratu nahi zuten guztientzako bisita gidatuak antolatuz.

Eta urriaren 4an egin genuen irekiera ofiziala Laskorain ikastolarekin harremana duten erakundeetako ordezkari eta hornitzaile laguntzaileentzat.

Bertan izan ziren Gipuzkoako Hezkuntza Saileko ordezkariak, Ikuskaritzakoak, Euskal Herriko Ikastolen elkarteko buruak, Tolosako Udaleko alkatea eta alderdietako zinegotziak, hainbat ikastolatako zuzendariak, eraikina eraberritu duen arkitekto taldea eta enpresako arduradunak, beste hornitzaile enpresatako ordezkariak, irakasle, ikasle eta guraso asko.

Ekitaldiak bi helburu zituen nagusiki: eraikina gonbidatuei erakustea eta Laskorain ikastolaren 50. urtebetetze eguna ospatzea.

Horretarako lehen egun haietan ikastolaren hastapenetan aritu ziren bi lagun omendu genituen: Joxe Manuel Atxaga, Laskoraingo sortzaileetako bat eta Begoña Arrate, lehen andereño bezala.

Emozio handiko ekitaldia izan zen, guztiontzako gure erakundeak eta bere historiak esan nahi duenagatik eta eraikinak berak sinbolizatzen duenagatik. Begoña Arratek bere hitzaldian esan zuen bezala: “denok hemen gaude; inoiz ikastola honetatik pasa diren guztiak hementxe daude; izan garena eta orain garena hementxe dago”.

Eraikina bisitarien gogoko izan zen, eta haietako askok adierazi zuten beste egunen batean itzuli nahiko luketela lasaiago, denbora gehiagorekin eraikinaren diseinuaz eta erantzuten dion ildo pedagogikoaz sakontzeko asmoarekin.