Euskaraz Bizi Eguna, mundiala!

Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna igandea denez, ostiralean egin dugu ospakizuna ikastolan. Gurean, Euskaraz Bizi Eguna deitzen diogu egun honi. Elurrak ere parte hartu nahi izan du Euskaraz Bizi Egunean bere presentziarekin.

Sakramentinoetan, Haur Hezkuntzan, txikienek Argitxoren marrazki eta muralak egin dituzte eta igandeko partez zoriondu dute Argitxo. 3, 4 eta 5 urtekoak, Euskaraz Bizi Egunaren inguruan jardun dira lehenik. Ondoren Argitxoren ipuina entzun dute eta... a zer sorpresa! Argitxoren bisita ere izan dute gure txikiek! Hau poza!

Lehen Hezkuntzako 1 eta 2.mailakoak ere gustura aritu dira kriseluak margotzen, abesten eta ikastolaren sorreraren inguruko bideoa ere ikusi dute.

Ondoren denak elkarrekin “Euskararen Txantxangorria” abestu dute patioan. Eguraldi hotzari aurre egiteko txokolate bero beroa eta bizkotxoak ere jan dituzte. Eguraldia aproposa benetan horretarako! Jarraian patioan jolasean ibili dira eta enborrezko parkea probatzeko aukera ere izan da. 12:00ak aldera, DBHkoen bisita izan dute; hauek kantujiran ibili dira eta Sakramentinoetan  “Agur Zuberoa” eta “Txantxibiri” abestu dute. Bertako haur guztiek ere lagun diete abesteko lanetan.

LH 3-6. mailetan Euskaraz Biziko ordezkariek mezua irakurri dute eta geletan aritu dira egunari buruz hausnarketan. Ondoren txistorra jateko aukera izan dute gelan bertan.

DBH eta Batxilergoko ikasleek kantujira egin dute Sakramentinoetan eta Alde Zaharrean zehar euskal kantak eskainiz musikarien laguntzarekin eguraldiak utzi duen tarteetan.