Haur hezkuntzan, ilusioz beterik

Ikasturtea hasi berri dugu eta 3 urteko haurrak pausoz-pauso egokitzapen-prozesuan aurrera doaz, bakoitza bere erritmoan. Bitarte honetan, tailer desberdinak egiten dabiltza: pasa den astean sukaldaritza-tailerra gauzatu zuten bezala, aste honetan masaje- eta erlaxazio-tailerra egin dute.

Udazkenean murgildu garenez, bestalde, datorren astetik aurrera udazken-tailerra landuko dute, udazkeneko hainbat elementu bilduz eta beraiekin eskulan desberdinak eginez. Ea orain arteko tailerretan bezala gozatzen jarraitzen duten!

Bestetik, aurten 4 urteko gelako partaideak txikienen egunerokotasunean laguntzeko gogoz daude. Gure ikastola oso polita da, koloretsua eta bizi handia duena, eta HHko txikienentzat dena da berria. Horregatik, 4 urtekoen lana hurrengo egunetan hauxe izango da: 3 urteko haurrei ikastola eta ikastolako txoko ezberdinak erakustea. Hortaz gain, zuei ere azaldu nahi dizuegu ikastolan zer egiten dugun egun guztian zehar, beraz, gure gonbidapena laster jasoko duzue.

Bukatzeko, 5 urteko ikasleak ikasturteko lehen proiektuari eutsi diogu ilusioz eta begiak hondartegira begira jarri ditugu. Gure hondargunean gozamenez ibiltzen gara jolasean eta jolas hori garatzen jarraitu nahi dugu. Gure irudimenarekin, nahiko genukeen lehen diseinuak marrazten, neurtzen, planifikatzen...hasiak gara. Hondarguneko gozamena zabalduz doa!