Ikasle Trukeak

HIZKUNTZAK BETIDANIK IZAN DU GARRANTZI HANDIA IKASTOLONTZAT

Ezin ahaztu sortze beretik  izan duten helburua: euskaraz irakasteaz gain euskara irakastea eta bultzatzea. Alabaina, gizarteak azken urteotan izan duen garapenarekin bat eginik, ikaslearen arrakasta xede, atzerriko hizkuntzak era esanguratsuan ikasteak ere garrantzi handia hartu du curriculumaren baitan. Laskorain ikastolak ardatz horren ingurumarian  txertatua du bere Hezkuntza Proiektua eta, haren garapena oparoa izan dadin, Hizkuntza Proiektuaren baitan hainbat ekimen jarriak ditu abian. Horien artean leku berezia hartzen dute ikasle trukeek.

Laskorain - Xalbador Kolegioa

Trukearen bloga hemen >>

Hiru urte dira  Kanboko Xalbador (Kanbo) kolegioko eta Laskorain ikastolako DBH lehen mailako ikasleen artean hiru eguneko trukea egiten dugula: batetik, gure ikasleek Iparraldea ezagutzeko parada izaten dute, eta,  bestetik, haiek Hegoaldea ezagutzekoa.

Truke honetan, bistan da, helburu linguistikoekin batera, badira kulturari loturikoak ere. Honela, euskararen hizkera molde desberdinak entzuteko aukerarekin batera, beste herrialde bateko bizimoldea ezagutzekoa ere izan ohi dute gaztetxo hauek.

Horrekin batera, euskararen egoera soziolinguistiko minorizatuaren kontzientzia hartzeko ere esperientzia paregabea izan ohi da. Gure ikasleak, ohiko ingurunetik atera eta ohartzen dira eurentzat hain naturala den euskaraz bizitzea ez dela homogeneoa lurralde guztietan. Zentzu horretan, ikastolan curriculumaren baitan eta, bereziki, Euskaraz Bizi proiektuan egiten den lana zentzatu egiten da gaztetxo hauengan. Iparraldeko ikasleek ere ateratzen diote etekinik esperientzia honi. Haietariko zenbaitzuentzat biziki esanguratsua izaten da zinez euskaraz bizi diren gazteak badirela ikustea eta Euskal Herrian euskaraz bizitzea zilegi den ingurunerik badela ezagutzea.

Horrenbestez, bistakoa da bi lurraldeetako ikasleak onuradun ateratzen direla truke honetan.

 

Laskorain - Diwan-Lereleg

Trukearen bloga hemen ->

Hamar urte badira, Laskorain ikastolan frantsesa ikasten duten ikasleen eta Brest ondoko (Bretainia) Diwan-en gaztelera ikasten dutenen artean astebeteko trukea egiten hasi zela. Proiektu honen helburua hizkuntza bera lantzeaz gain, kultura eta ohitura desberdinak ezagutzea ere bada. Horretarako, egonaldia familietan gauzatzea aukera aparta bihurtzen da, eta, aldi berean, jatorrizko hizkuntza minorizatua duten bi herri izanik, euren arteko elkarbizitza sustatzeaz gainera, hizkuntzaren berreskuratze prozesuan ematen ari diren urratsak   partekatzeko  parada ematen da.

Bretoiekin garatzen dugun truke honetan, bizipena aberatsa suertatzen da bai ikasleentzat eta baita irakasleentzat ere. Izan ere, Batxilergoko ikasleek ahalegin berezia egiten dute gazte bretoiei adierazten azken 30 urte hauetan euskararen berreskuratze prozesuan mugarri izan diren urratsak zein izan diren, ondotik haiek ere euren hizkuntzaren berreskuratzean jarrera aktiboa har dezaten. Izan ere, euskararen biziberritzeko esperientzia, neurri handi batean, eredugarri ere bada eta ideia hori adierazten saiatzen dira. Bide batez, gazte hauek curriculumean ikasitako kontzeptuak beste herrialde batzuetara transferigarriak direla frogatzen dute. Alegia, edozein hizkuntzaren berreskuratze prozesua hiztunaren jarrera aktibatzetik hasten dela eta hura erdiesteko hiztun komunitatearen elkar hartzea ezinbestekoa dela.

 

ERASMUS+

Europako Parlamentuak 2014-2020 aldirako Erasmus + egitasmoa jarria du abian jada.

Une honetan Laskorain  ikastola lanean ari da Cerdeña eta Flandeseko (Belgika) erakundeekin proiektu hori garatu ahal izateko dirulaguntza eskuratze aldera. Ingelesa, IKT eta Euskarako mintegiak ari dira elkarlanean 2015-2017 ikasturteetan Batxilerreko ikasleei ekimen interesgarri bezain lehiakor hau eskaintzeko moduan izateko.

Elkarlanean dihardugun hiru ikastetxeok interes berezia dugu hizkuntza minorizatuen garapenean sakontzeko eta, bide batez, esperientzia berritzaileak partekatzeko. Horretaz gainera, ikastola bera nazioartekotu nahi dugu, hots: gure ikasleei dimentsio europarrean lan egiteko aukera eman nahi diegu, finean,   atzerriko hizkuntzan (Ingelesa) duten konpetentzia areagotzeko aukera izan dezaten eta baita beste herrialde eta kultura batzuk ezagutzekoa ere.

Proiektuari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, hona hemen >>