Euskaraz Bizi

LH 1-2ko lehiaketa
LH 3-6ko lehiaketa

Euskararen erabilera bultzatzea helburu duen proiektua da EUSKARAZ BIZI. 1986an hasi zuen bere ibilbidea Laskorain ikastolan. Garai hartan, ikasleen gelaz kanpoko euskara erabilera %40 ingurukoa zen gure ikastolan. Beraz, zer edo zer egin beharra zegoen erabilera hura areagotzeko.

Izaera globala duen proiektua da, ikasleak ez ezik, irakasleak eta gurasoak ere barnebiltzen dituena. Urteetan zehar eragin esparruak zabalduz eta indartuz joan da Euskaraz Bizi.

Euskaraz ikasteaz harago, euskaraz bizitzearen aukera kontzientea egingo duten euskaldun eleanitzak heztea da Laskorain Ikastolaren azken asmoa; alegia, ahalik eta hizkuntzarik gehien jakingo duten, baina euskaraz biziko diren herritarrak heztea.

Helburu horretara iritsi ahal izateko, jakina, ekin egin beharra dago, aritu egin beharra dago eta, beraz, ekintza mordoa antolatzen dugu urtean zehar, hala nola: gela barrurako Euskaraz Bizi kanpainak, Bigarren Hezkuntzako ikasleen Euskara Elkartea, udalekuak, eskola kirola… Finean, ikastolaren funtzionamendua, eskaintzen duen zerbitzua, subjektu desberdinek komunikaziorako egiten duten hizkuntza hautua, bizitza akademikoa eta aisia harrapatzen dituen proiektu erraldoia da.

Horrela baino ezin da ulertu azken urte hauetan Laskorain Ikastolako ikasleen artean euskararen presentzia eta erabilera hain handia izatea. Lana erruz egiten da, bai; baina emaitzak ere bikainak dira. Eutsiko ahal diogu!