Nafarroa Oinezeko Txikiak handi proiektuan hartu dugu parte

Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen proiektu iraunkorra da. Proiektu horren baitan, urtero lanketa bat egiten dute munduko zenbait ikastetxek. 2019.urtean Euskal Herriko hiru ikastetxek hartu dugu parte proiektu horretan: Tolosako Laskorain ikastolak, Baionako Bernat Etxepare lizeoak eta Tuterako Argia ikastolak. Egitasmo horrek bi fase izan ditu; alde batetik, soziolinguistikari buruzko unitate didaktiko bat landu dugu hiru ikastetxeetako DBH4ko ikasle guztiok; beste aldetik, hiru lurraldeetako hainbat ikasle bildu gara Tuterako Argia ikastolan bi egunez, eta, besteak beste, bakoitzaren hizkuntza autobiografia partekatu dugu elkarrekin, hau da, zein den gure ama hizkuntza, zein izan zen gure arbasoena, zergatik egin duten gurasoek semea edo alaba ikastolara eramateko hautua, etorkizunean zein hizkuntzatan irudikatzen dugun gure bizitza...

Proiektua landu eta elkarrekin partekatzeaz gain, oso esperientzia aberasgarria izan da ikasleentzat ohartzeko, esaterako, zer oztopo dituzten Baionako eta Tuterako ikasleek euskaraz ikasteko (egunero ordu erdi-ordubeteko bidea autobusez ikastolara iristeko, aste osoa barnetegian pasa beharra eguneroko joan-etorria luzeegia delako...). Bestalde, Tuterako eta Baionako irakasle zein ikasleak harrituta geratu dira zenbat egiten duten euskaraz Tolosako ikasleok, zer ikasle jatorrak diren (“sanoak” zioten), eta mutilak zein altuak diren (Tolosan babarrun eta txuleta asko jaten omen da)! Gure ikasle hauek zioten, aldiz, Tuterako ikasleek dena gazteleraz egiten zutela euren artean, eta Baionako ikasleen artean denetik entzuten zutela, euskara zein frantsesa.

Baina lana egiteaz gain, eta hori ere neurrian, aukera izan dugu Tutera ezagutzeko. Horretarako, ikastolako ikasle ohi batek, artean eta historian aditua, herri horren historia eta bitxikeriak azaldu dizkigu.

Aberasgarria izan da, benetan, egitasmo horretan parte hartzea.

Urriaren 20an Nafarroan Oinez, Nafarroako ikastolen aldeko festa, izango da Tuteran, eta bertan Txikiak Handi manifestua sinatuko dugu aurten proiektu honetan parte hartu dugun hiru ikastetxeotako ikasle banak.