Batx 1eko ikasleak Hasselten

Bosgarrenez, ikastolak eta Hasselteko Humaniora ikastetxeak ikasle-trukea antolatu dugu, Batxilergo 1. mailako 25 ikaslerentzat.

Humaniora Kindshed Jesuk, Hasselt hirian kokatzen den Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, nazioarteko elkartrukeetan eskarmentu haundia du eta ingelesa praktikatzeko eta beste kultura batzuk gertutik ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen digu. Hasselt hiriaz gain, inguruko toki garrantzitsuenak bisitatzeko aukera ere izan dugu: aste batez Hasselt hiria eta inguruak bisitatu ditugu, bertako irakasle-taldeak prestatutako programa zabal bati esker. Gainera, flandriarren hizkuntza (gutxi bada ere) ikasi dugu, eta haien bizimodua (gurearengandik bestelakoa) nolakoa den ezagutzeko parada izan dugu. 

Ibilbide laburra duen truke hau Erasmus + proiektuari esker sortu zen, Flandriako eta Sardiniako ikastetxe batzuekin egindako lanaren ondotik. Orduz geroztik, Hasselt hiriko Humaniora Kindsheid Jesu ikastetxearekin egiten dugu lan urtero, ikasle eta irakasleen arteko truke hau antolatzen. Izan ere, bi ikastetxeok apustu sendoa egiten dugu egitasmo honek jarraipena izan dezan, uste baitugu hainbait direla dakartzan onurak. Esan genezake elkarrengandik asko ikasten dela horrelako egoeretan, eta gure ingeleseko ezagutzari eta erabilerari ekarpen nabarmena egiten diola aste betez hizkuntza horretan hitz egiteak. Horrela, Laskorain Ikastolan ardatz dugun hizkuntz proiektua sendotu egiten dugu.