Ikastolen VII batzarra

2019ko ekainean hamaika urte bete dira Euskal Herriko Ikastolok VI Batzarra gauzatu genuela. Tarte honetan jendartean aldaketa sakonak eman dira, hezkuntzaren eta eskolaren eginkizuna berrikusten ari da eta berritze etengabearen beharrean dago. Egoera honek berariazko geldiune bat egitea eskatzen digu, azken hamarkadan egindakoaz balorazioa egin eta etorkizunera begira jarri. Ikastolen mugimendua osatzen dugunok gogoeta egin behar dugu XXI. mende honen bigarren/hirugarren hamarkadarako euskal jendartearen eskariez, eta haiei erantzuna ematen saiatu behar dugu; Ikastolen mugimenduak Euskal Herriko jendarteari egin behar dion ekarpena erabaki behar dugu.

Azken 50 urteotan gure taldea erreferentzia izan da Euskal Herriko hezkuntza sistema desberdinetan. Gure eragiteko gaitasunak bere horretan jarrai dezan eta gure xede zein ikuspuntuak gauzatzeko, mugimendu honen etorkizunak sendoa izan behar du.

VII. Batzarrarekin amaituko den prozesuari hasiera emateko dokumentu bat osatu dugu, eta Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluan onartu da. Dokumentu hau ez da ponentzia bat, eta ez du ponentzia izateko asmorik, kokapenerako dokumentu bezala ulertu behar da.

Dokumentu honek hiru atal ditu. Azken hamarkadaren balorazio orokorra da lehen atalean azaltzen dena. Bigarrenak egungo egoerari egiten dio aipamen. Etorkizunean aurreikusten den egoerak osatzen du hirugarren atala.

Otsailean eskualdeetako aurkezpenekin hasiko gara. Otsailaren 11n hasiko dira aurkezpenok, eta martxoaren 31n amaituko. Astean hiru aurkezpen egingo dira. Eskualdeka banatu dira aurkezpenak: Nafarroan lautan, Araban hirutan, Gipuzkoan seitan, Bizkaian bostetan eta Iparraldean bakar batean.

Aurkezpenei garrantzi handia eman nahi diegu. Gutxienez, Artezkaritza osoaren presentzia bermatzea nahi dugu, baita ikastoletako lantaldeetan parte hartzen duten pertsonak eta langile guztiak ere gonbidatzea. Aurkezpen horietan zenbat eta presentzia handiagoa izan, are eraginkorragoa izango da ikastola bakoitzean egingo den geroko eztabaida.

Eztabaida edo gogoeta prozesu hau arrakastatsua izan dadin, ikastolen mugimenduaren parte-hartze zabala gakoa izango da, eta Ikastoletako komunitatearen inplikazioa bilatu beharko dugu. Gogoeta sakona eta parte hartzailea izan dadin, beharrezkoa den denbora eskainiko zaio. Ez zaigu axola eztabaida prozesuak luze irautea.

Lehenengo aurkezpena Tolosan egingo da otsailaren 11n, Sakramentinoetan, arratsaldeko 18:30ean, eta gonbidatuta zaudete bertan parte hartzera.