Sortu eta motibatu euskaraz

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik Kultura Eskola programa Ikastolara ekartzeko aukera izan dugu Laskorain Ikastolan. Bigarren Hezkuntzako maila guztietan , beraz, kultur ekitaldiak izango dira datozen hilabeteetan. Lehenbizikoetako ekitaldia DBH1eko ikasleei begirakoa izan da, euskaraz sortu eta motibatzeko helburua duen programa gelaratu du Fernando Morillo Grandesek 2 orduko saioak baliatuz.

Fernando Morillo idazle eta dinamizatzailearen esperientzia luzean oinarritua, tailerrak hainbat arte-iturri ditu bere baitan: sormena, poesia, ipuina, hitza, literatura, irakurketa aktibo eta dinamizatua, kontagintza, antzerkia, marrazkia, dantza, gorputz adierazpena… Eta horiek ardatz eta amu, beste hainbat “zehar”-gai sustatuko ditugu halaber: euskara, mitologia, historia, zientzia, soziologia, psikologia… Horren osagarri, dinamizatzaileak hainbat urtez egin du lan Irakurketa Erraza bultzatzen, eta horrek ederki irakatsi dio nola motibatu eta piztu daitezkeen hainbat zailtasun dituzten gazteak (adibidez, euskara erabiltzeko dituzten lotsei aurre egiteko orduan).

ARLO PEDAGOGIKOA

Kontagintza bizi baten baitan, gamifikazioaren dantzari ekingo diogu. Gehiegitan lotzen gaituen lotsa ezabatuz joango gara, kooperazioa eta barneko sormena askatzen joateko, mundua bestelako begi batzuetatik ikusten ikasteko. Ikasle lotsatienak ere animatzea lortuko dugu. Horrek berebiziko garrantzia du inklusioa, dibertsitatea edo generoa garatzeko orduan, edota euskal munduan hain garrantzitsua (eta gehiegitan apur bat baztertua) dugun ahozkotasuna bultzatzeko.

Esate baterako, hori lortzeko hainbat erlajazio-modu ikasiko ditugu, sormen-txinpart, irakurketa-pizgarri, zentzumen-areagotzaile, motibazio-bide, jolas-dinamika, proposamen, ideia eta praktika. Gazteek mugimendua eskatzen eta eskertzen dute. Jarduera oso dinamiko eta ludikoak izango ditugu lagun. Funtsezko lana da hori guztia talde-kohesioa ere ereiteko orduan.

Ahozkotasuna bezain garrantzitsua da gorputz adierazpena ere lantzea gurean. Eta baliatuko ditugu halako dinamikak ere, esandako guztien indargarri: taldea, autoestimua, inklusioa…

Hainbat irakaslerekin elkarlanean aritu ondoren, DBH-ko curriculuma oso kontuan hartu da, batik-bat funtsezkoak iruditzen zaizkigun zenbait zeharkako konpetentzia lantzeko eta orobat DBH osorako etapako helburu batzuk ere:

- Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia.

- Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.

- Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia.

- Elkarbizitzarako konpetentzia.

- Izaten ikasteko konpetentzia.

- Ahozko ulermena eta interpretazioa.

- Idatzizko testuak sortzea.

Eta horien guztien artean, gainean eta azpian, euskara sustatzeari ekingo digu, guztiz ludikoki ekin ere. Lan horren emaitza bikaina ikusi dugulako urteotan.