Charleville-Maziereseko gazteak

Joan den asteazken gauean agurtu genituen Charleville-Mézières hiriko gazteak, frantsesa ikasten ari diren gure batxilergoko ikasleen etxeetan aste bete pasa ondoren. 

Ikasle-truke hau Tolosako udalak Frantziako Charleville-Mézières hiriko udalarekin batera sustatzen duten ekimena da, bi udalerriak senidetuta baitaude elkarren artean, eta Tolosako hiru ikastetxeek hartu dugu parte egitasmo honetan. Truke honen lehenengo edizioa 2019an abiarazi bazen ere, osasun larrialdiaren ondorioz ikasle frantsesek ezin izan zuten Tolosara etorri, eta lehengo urtean ere ezin izan genuen trukea gauzatu koronabirusarengatik. Horrenbestez, aurten jaso ditugu Ardenetako ikasleak Tolosan lehenengo aldiz eta esperientzia zoragarria izan da zinez haiek gure artean izatea.

Euskal Herriko txoko ugari ezagutu dituzte frantsesek urriak 13tik 19ra bitartean, eta azken egunean Tolosa apur bat sakonago ezagutzeko aukera ere izan zuten: Topic museoa bisitatzeaz gain, herri kirolen erakustaldia eta saioa izan zuten Tolosako Beotibar pilotalekuan haien truke-kide euskaldunekin batera. Udalak Zerkausian antolatutako hamaiketako batekin biribildu genuen joan den asteazkeneko jardunaldia eta iluntzean Usabalgo aparkalekuan eman genion amaiera trukearen lehenengo atalari.

Zailtasunak zailtasun, esan dezakegu ikasle, guraso zein irakasleen ilusioak bultzatuta eta urri honetako haize epelak girotuta, bikain atera dela truke honen lehenengo zatia.

Hemendik hilabete batzuetara guri egokituko zaigu hara joatea. À bientôt !