Xomorroak diskoaren aurkezpena

Ostiral honetan LEIDOR aretoan XOMORROAK diskoaren aurkezpen kontzertua egingo dute.). Proiektu potoloa da eta seguruenik ez da askotan errepikatuko eskatzen duen lana dela eta. Disko honek gainera, ikastolarekin harreman zuzena du  aurkezpen testuan agertzen den moduan:

Etxeko haurrak txikiak zirela hasi ziren Tolosako Laskorain Ikastolako abesbatzan kantuan, astean bitan eguerdi partean Naiara Mintegia zuzendari zutela.

Helburua? Kantuen bidez gozatu, hezi eta hazi. Kantuak ikasi, transmisioa landu, errepertoriotxo bat osatu eta kontzertuak eskaini. Hori besterik ez, hori guztia.

Kantua eta erritmoa. Horra hor nire ustez haurren musika hezkuntzaren bi oinarriak.

Eta bide batez aitortza bat, a zer nolako lana egiten duten Euskal Herriko ikastola eta eskoletako abesbatza xumeek norabide horretan!

Nire haurrak kantuan eta ni kantu eta moldaketa berriak sortzen, horrela murgildu nintzen bide kitzikagarri honetan. Beti ere asmo eta obsesio nagusi batekin murgildu ere: Haur eta gazte hauek plazer hutsez kantatzeko moduko kantuak izatea.

Asmoak asmo, hemen duzue lan horren guztiaren emaitza.

 

Harrez geroztik urte batzuk joan dira, haurrak koxkortu, eta kantu eta moldaketa hauetariko batzuek bere bidea egin dute batera eta bestera bertsio eta errebisio desberdinetan.

Eskuartean duzun lan honen helburua da urteotan sortutako kantu eta moldaketa esanguratsuenak bildu, txukundu eta entzungai eta erabilgarri jartzea guztiontzat.

Goza ezazue zuek ere nik hauek sortzen, ensaiatzen eta zuzenean ematen gozatu dudan bezainbat!

Ah! eta gogoan izan: “kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko!”

 

Publiko guztientzako kontzertua izango da, baina noski haur eta gaztetxoentzat berezia: kantu ezagunak (Ilargia, Negua Joan da ta, neskatil poxpolin...) Donostiako Orfeoi Txikia eta Gaztea, Et Incarnatus Orkestra, Juantxo "Glaukoma"...

 

XOMORROAK

CDaren aurkezpen kontzertua: MAIATZAK 31, ostirala 20:30 LEIDOR (TOLOSA)

Sarrerak: https://ticket.kutxabank.es/janto/main.php?Nivel=Recinto&idRecinto=LE

Juantxo Zeberio Etxetxipia: Pianoa eta musika zuzendaritza

Donostiako Orfeoi Txikia eta Donostiako Orfeoi Gaztea 

Et Incarnatus Orkestra

Itsaso Etxebeste: Baxua
Jon Arruebarrena eta Gorka Benitez: Saxoak eta flauta
Antton Telleria: Bateria