HH - Bigarren Zikloa (3-6 urte)

HAUR HEZKUNTZAK BERE BIZIKO GARRANTZIA DU HAURRAREN GARAPEN OSOAN

Haurra jaio eta ondorengo lehen urteak oinarri-oinarrizkoak dira. Horregatik, gure xederik garrantzitsuena haurraren garapena bere eremu guztietan bultzatzea eta sendotzea da. Etapa honetan, haurraren izate globala azpimarratu behar dugu, eta, beraz, bere garapenaren alderdi guztiak elkarrekin landuko ditugu. Esperientzia-eremu guztiak batera garatuko ditu: “Norberaren ezaguera eta autonomia pertsonala”, “Ingurune fisiko eta soziala” eta “Komunikazioa eta adierazpena”.

Haur Hezkuntzako bigarren ziklo honetan, 3-6 adin tartean, haurrak lehen zikloan abian jarri dituen garapenaren alderdiak zabaldu eta sendotuko ditu. Adin honetako haurrak, etengabe mugitzeko beharra dauka, horregatik bere gorputz-trebetasunak frogatuko ditu, besteak beste. Oinarrizko nozioez jabetzen hasiko da; aho-hizkuntzaren bidez, erabat aberastuko du bere komunikazio gaitasuna; egozentrismoak nagusi izaten jarraituko du; autonomia indartuko du helduekiko mendekotasuna gutxituaz… Nolanahi ere, haur bakoitzak garapen erritmo propioa dauka eta gure helburua, bakoitzaren prozesu indibiduala errespetatzea eta indartzea da

Haurrak bere ikaste-prozesuaren protagonismoa hartzea, ziurtasun afektiboa bermatzea, bere buruarekiko konfiantza eta ekimena garatzea, hizkuntzetan eta adierazpideetan komunikatzeko gaitasunak garatzea, autonomia bultzatzea… dira Haur Hezkuntzako 2. zikloan lortu nahi ditugun helburuak. Funtsean, gaitasun horien guztien garapena bultzatzeko, URTXINTXA PROIEKTUA  da gure eguneroko lanerako tresna.

Urtxintxa Proiektua, haurra bere osotasunean hartzen duen eta 3-6 urte bitarteko ikasgeletan baliatzen dugun proiektua da. Ikuspegi globalizatzaile batetik, haurraren garapen-eremu guztiak elkarrekin lantzeko aukera ematen du, betiere interesgune baten inguruan txertatuz: IPUINA.