Eskolarteko bertsolari txapelketa ikastolan

Pasa den ostiralean 2017ko Gipuzkoako eskolarteko bertsolari txapelketako laugarren ihardunaldia ospatu zen Tolosan eta arratsalde benetan emankorra izan zen bertara hurbildu ziren gaztetxoentzat. Ohi bezala, arratsaldeari hasiera emateko Tolosa eta inguruko herrietako hainbat gaztetxok bertso jarriak egiteko aukera izan zuten ikastolako geletan banaturik, mailaren arabera. Kasu honetan, Tolosatik ez ezik Beasain eta Asteasutik ere inguratu ziren gaztetxoak, esaterako.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, bertso jarriek bat-bateko bertsoei eman zieten paso. Imanol Artola “Felix” aurkezlearen esanetara, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolariak aritu ziren kantuan. Bi bertsolari horien bat-bateko saioari paso eman aurretik, ordea, gaztetxoek euren parada izan zuten oholtzara igo eta bertsoak kantatzeko, aurrez prestaturiko bertsoak zein bat-batekoak. Horrela, Itziarko bertso eskolako taldeak saio ederra eskaini zuen mozorro eta guzti, euren herriko festak hartuaz aitzaki. Entzuleen artean irriak sorrarazi zituzten euren ateraldiekin. Segidan, bat-bateko saio labur bat eskaini zuten Zumaiako bertso eskolako Ioar eta Irati gaztetxoek. Agurra kantatu ostean, 4 oinak emanda bertso bana osatu zuten eta baita gaia emanda bertso bana osatu ere, erraztasunez. Segidan, Tolosako bertso eskolako taldeak kopla saio ederra eskaini zuen batak besteari adarra joaz. Hori guztia, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolarien saio nagusiari paso eman aurretik. Imanol Artola gaijartzailearen ariketa bereziak osatu zituzten bi bertsolariek, saioari eta arratsaldeari erremate ezinhobea emanaz.