Agenda 21eko ikastetxe foroa

Ura da ikasturte honetako gaia Agenda 21ean Tolosaldeko ikastetxe guztietan. Kurtso hasieran sentsibilizazioa egin zuten LH eta BH ziklo guztietan, martxoan eta apirilean herri diagnostiakoa burutu eta apirilaren 26an ikastetxeen arteko foroa izan dute ordezkariek. Herri diagnostikoan, LH 1. ziklokoek Tolosako iturriak aztertu dituzte, 2. ziklokoek ur kontsumoa, 3. ziklokoek ibai eta erreken egoera, DBH 1. ziklokoek uraren datuak, 2. ziklokoek memoria astindu dute eta Batxilergokoek ura zentzuz erabiltzea landu dute. Lanketa gelaka egin da eta ondoren zikloka bateratu dituzte emaitzak. Ikastetxe foroa Udal Musika Eskolan izan da, ikastetxe eta maila bakoitzeko bina ordezkari elkartuz. Aurkezpenaren ondoren, ikasleak zikloka elkartu eta konpromisoak eta proposamenak eztabaidatu dituzte, gero Udalari aurkezteko proposamenak bozkatu eta balorazioa egin ondoren, ikasleek hamaiketakoa izan dute. Maiatzaren bukaeran ikasle ordezkariak Udal Forora joango dira, alkatea eta zinegotziei bere proposamenak aurkeztera.