50 urteko historia plazara

Larunbatean Laskorain Ikastolaren 50. urteurreneko ekitaldi ikusgarriena burutu zen Tolosako plazetan eta ondoren, Sakramentinoetan. Lau antzezpen labur eskaini zituzten Ikastolako hainbat kidek. Berdura plazan Xabier Lizardi poeta bera agertu zen Lizardi elkartekoekin batera, Ikastolaren sorreran elkarteak izan zuen parte-hartze garrantzitsua azpimarratuz. Trianguloan eta Kultur Etxean hasierako garaietan Ikastolara etortzen ziren erdal inspektoreak ekarri ziren gogora.  Zumalakarregi ibilbideko txaletean Ikastolaren sorrerako diru bilketak nola egiten ziren erakutsi zuten. Eta plaza Zaharrean Ikastolako lehen urteetan erabiltzen zen “Xabiertxo” liburuko Xabiertxo eta Ixiartxo pertsonaiak plazaratu zituzten liburuko istorioak, emakumearen papera aldarrikatuz.

Lau eszenatokiak lotzeko Ikastolako txaranga eta Argitxo izan ziren gidariak, lau koloretako ikusle multzoak bideratuz. Kolore horia, gorria, berdea eta morea jantzi zituzten ehundaka guraso, ikasle, langile eta herritarrek ikuskizunean parte hartzeko, antzezpen batetik bestera.

Antzerki ibiltariaren argazki gehiago hemen.

Eta arratsalde ederra bukatzeko, Sakramentinoetako egoitza berrituaren patioan jaialdi bikainaz gozatzeko aukera izan zuten kalez kale eta plazaz plaza ibili ziren lau ikusle multzo koloretsuek. Ikasle batek Kaxilda andereño ohiari eskutitza idatziz lotu zituen jaialdiko zati guztiak: euskal dantzak, abesbatza, langileen testigantzak bideoan, ikasle ohien oroimenak, bertsoak, abeslariak, dantza modernoa… Eta jaialdiari amaiera emateko, egunerako propio idatzitako kantua denon artean abestu genuen. 

Jaialdiko argazki gehigo hemen.