PantallasAmigas elkartekoen partetik hitzaldia

Arrate Emaldi, PantallasAmigas elkarteko Psikologia eta Biktimen arreta zerbitzuko departamentuko arduraduna da.  Erakunde honek, teknologia berrien erabilera seguru eta osasuntsua, adiziorik gabea bultzatzea du helburu. Gauzak horrela, hitzaldian zehar, nerabe eta aurre-nerabeen gurasoek euren seme-alabei egin diezaieken akonpainamenduaz jardun zen.

Aurre-nerabe eta nerabeen artean ohikoenak diren joko eta sare sozialak aurkeztu zituen batetik. Adinaren arabera eduki ditzaketen arriskuak ere aipatu zituen Arratek .

Gaur egun, Smartphone bat telefono bat baino gehiago dela ere azpimarratu zuen. Nerabeentzat, lagunen arteko komunikaziorako tresna garrantzitsuetako bat da. Bere hitzetan, arazoa zera izan liteke; 24 orduz egon daitezkeela komunikaturik. Eurentzat, “onartuak” sentitzeko  bideak baitira sare sozialak. Horrek izan dezakeen arriskuaz ere jardun zen; norberaren autoestimuaren eraikuntza besteen menpe egon litekeelako. Beraz, heziketa emozional egoki batek egoera horietan berebiziko garrantzia duela azpimarratu zuen adituak.

Sare sozialetan pribatutasunaren inguruan gizartean dagoen ezjakintasunaz  ere aritu zen. Topic-en zeudenen artean esperimentu txiki bat ere gauzatu zuen, bertaratutakoen artean gai honekiko zegoen kontzientzia mailaz ohartarazteko.

Ziber-jazarpen mota ezberdinen inguruan ere hitz egin zuen.

Gurasoek euren seme-alabekin heziketa digital positibo baten alde egin behar duela lan azpimarratzen zuen. Hauxek, besteak beste, aipatutakoak:

-Gurasok eredu izan behar dute.

-Familia-interakzioa bultzatzea garrantzitsua da.

-Nerabeari telefonoa emateko erabakia hartzean, bi aldetako akordio batek egon behar du. Eta bide horretan, akonpainamendua egin seme-alabari.

-Aisialdirako alternatibak eskaintzea garrantzitsua da.

-Gainbegiratzea ez da espiatzea. Gurasoek seme-alabari telefonoa gainbegiratu behar badie, nerabeek jakin egin beha dute telefonoa begiratuko zaiela.

-Bizitzarako gaitasunen lanketa ezinbestekoa da.

Amaitzeko, etxe bakoitzean familia bakoitzak bere erabakiak hartuko dituela aipatzen bazuen ere; era berean, guraso guztiek egin beharko luketen akonpainamendua azpimarratu zuen. Teknologia berrien bide horretan, nerabearen ondoan joatea, alegia.

Datozen egunetan PantallasAmigas erakundeko kideak LH5 eta LH6ko ikasleekin izango dira geletan.