DBH 4ko ikasleak Gipuzkoako etorkizuna eraikitzen

Urriaren 23an genuen hitzordua Gipuzkoako Foru Aldundiko “etorkizuna eraikiz” aretoan. Urduri geunden denok, hizlariak bereziki. Arrazoia ez zen nolanahikoa. Iazko kurtso amaieran, DBH 3n, GAZTEEN GIPUZKOA proiektuan parte hartu zuten 24 ikasleek euren lana aurkezteko momentua baitzuten. Aretoa jendez mukuru, gehienak ikasleak, baina Foru Aldundiko ordezkariak eta kazetari batzuk ere baziren tartean.

Etorkizuneko Gipuzkoak zein erronka izango ditu? Nola ikusten dute gazteek aurre egin beharko geniekeela erronka horiei? Zein da beraien ekarpena? Horixe bota zitzaigun erronka.  

DBH 3ko ikasleei proposatu genienean, berehala lortu genuen 24 ikaslez osatutako taldea biltzea. Lanean tinko, etengabe eta ganoraz aritu ziren: gaia aukeratu, egitekoak beraien artean adostu eta banatu, ikerketa bideratu eta beste hainbat pausu ere eman zituzten. Helena Larrañaga irakaslea izan zuten bidelagun baina ikasleak izan dira proiektuaren jabe eta erantzule.

Hemen duzue gure emaitza: EKONOMIA ZIRKULARRAren inguruko hausnarketa, horixe baita gure ikasle taldeak proposatu duen etorkizuneko sistema ekonomikoa.

Ekonomia zirkularra: Zaborraren gutxitzea, birziklatzea eta energia berriztagarrien sustatzea Gipuzkoako biztanleriari zerbitzu egokiago bat eman asmoz, guztion osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko.

 

Emaitza polita dela uste dugu, baina bereziki aberasgarria prozesua bera izan da. Asko ikasi dugu elkarrekin eta elkarrengandik eta proiektuaren helburu, jarduera, ikerketa, balorazioak eta egindako jarduera guztiak, ondorengo SITEan bildu ditugu.

Sei ikasle aritu ziren hizlari, proiektua aurkezten: Laida Oiz, Jon Etxeberria, Bittor Urkizar, Ander Martinez de Rituerto, Alain Odriozola eta Aimar Vitoria. Zorionak jaso genituen aurkeztutako lanagatik, ikasleek adierazi zuten motibazio altuagatik eta bereziki erabili genuen euskara mailagatik. Euskara jatorrean aritu ziren oholtza gainean, natural, bikain!

Amaieran guztiok pozik, harro eta oparitxo banarekin atera ginen, errealitate birtualeko betaurreko parea bakoitzarentzat. Etorkizunaz aritu ondoren, opari aproposa!