Hiru ikasle truke antolatu ditugu

Laskorain Ikastolako ikasleek hainbat aukera izan ohi dute ikasle-trukeetan parte hartzeko; aurten ere horrelaxe izan da. Ziur gaude hizkuntzen ikaskuntzari ez ezik, pertsonaren garapenari ere ekarpen handia egiten diotela trukeok;  horregatik, aurten ere hirutan  hartuko dugu parte.

Truke horien xedea ikasleek hainbat errealitate soziolinguistikoa ezagutzea da, baita hizkuntza-esperientziak trukatzea ere.

Lehen trukea DBHko lehen mailan burutzen da, Kanboko ikastolarekin elkarlanean egiten dena, bertan ikasle guztiek parte hartzen dute. Trukeak, hala ere, ez du egun gutxi batzuk bakarrik irauten, bada Euskara eta Matematika arloak uztartzen baitira, esaterako, bidaia prestatzeko eta bizitako esperientziak biltzeko.

Bigarrena hautazko ikasgaia Frantsesa duten ikasleei eskaintzen zaie, hain zuzen ere, DBH amaieran.  Truke hori   2004az geroztik Bretainiako Diwan Ar Releg kolegioarekin egiten dugu, han  gaztelera ikasten duten eta gurean frantsesa ikasten duten ikasleekin. Parte hartzaileek egoera minorizatuan dagoen hizkuntza bat hitz egiten dute; horregatik,  aberasgarria izan ohi da bakoitzaren esperientzia ondokoarekin elkarbanatzea; honela konturatzen baitira bretoierak eta euskarak duten egoera  desberdinaz.

Era berean, ikasleek Batxilerreko  1. mailara iritsitakoan ingelesa praktikatzeko aukera ezin hobea izaten dute. Trukea gauzatzen baitugu Hasselteko (Flandria) Humaniora Kindsheid Jesu ikastetxearekin elkarlanean. Erasmus + proiektutik eratorritako trukea dugu honakoa, eta egonaldiek iraun bitartean, ingelesez mintzatu ohi dira ikasle nahiz irakasleak;  dela Euskal Herriko eta Belgikako txokoak ezagutzeko, dela elkarlanean lan akademikoak egin ahal izateko. Kasu horretan ere, flandriarrek eta euskaldunek hizkuntza gutxitua dute euren ama-hizkuntza, eta egoerari hori probesten da lanerako.

Ondorioz, esan dezakegu truke horietako bakoitzak ezaugarri propio eta bereizgarriak dituela, baina badituztela hainbat helburu komunean; alde batetik, adin bertsuko beste ikasle batzuekin esperientzia partekatzea eta, bestetik, norbera izaten eta elkarbizitzen ikasteko pausoak ematea. Nolanahi ere, truke horietan guztietan hizkuntzari egiten zaio ekarpena eta, modu horretan, Laskorain Ikastolan ardatz dugun hizkuntz proiektua sendotu egiten dugu.