Azaroak 25 ikastolan

Ez dago zer ospaturik. Azaroaren 25a aldarrikapen eguna dugu, emakumeenganako indarkeria matxistaren kontrako aldarria egiteko eguna.

Tolosan hainbat ekimen egin dira azken egunotan gai horren harira. Esate baterako, larunbatean flashmoba egin zen Trianguloko Plazan eta manifestazioa ere egin zen kaleetatik barrena. 

Ikastetxeei dagokienez, azaroaren 26an Tolosako ikastetxeetako ikasle eta irakasleak Zerkausian elkartu ginen ekintza bateratu bat egiteko: urrian Wiesbadenen egon ziren sei neskek (eskola bakoitzeko bina) mezua irakurri zieten bertaratutakoei. Horra batukada bidez iritsi zen gure ikastolako DBH 1 eta 2ko ikasle-taldea. Izan ere, ikastolan hainbat ekintza egin genituen; Batxilergoko ikasleek dinamikak eta lanketa egin zituzten eskola-orduetan Ikasle Feministen gidaritzapean, eta DBHn, aldiz, irakasleek gidatutako hausnarketa-saioak egin zituzten.

Horrez gain, Batxilergoko ikasleek manifestu bat prestatu zuten LH eta DBHko ikasleentzako eta beste bat Batxilergoko ikasleentzako.